XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

JULIAN GAIARRE

Julian Gaiarre, Erronkari bailaran den izen bereko herrian sortu zen 1844ean.

Osasun pattal samarrekoa, bere burua arretaz zainduz bizi behar izan zuen.

Mutiko zelarik artzantzan ikasi zuen Erronkariko mendietan.

Gero, bizibidez bizpahirutan ere aldatu zuen.

Hogeitabat urtetako gaztea zelarik, famarako bidea emango zion kantagintzarekin ia tupustean aurkitu zen Iruñean.

Hala, beka bati esker, Madrilera jo zuen musika ikasketak egitera.

Handik Italiara; denboraldi luzeak egin ere bai, eta lagunak eta fama handia bereganatu zituen italiar lurraldeetan.

Bel canto esanda ezagutzen den kantagintza motan maisu leber, famatu eta miretsia izatera iritsi zen.

Hego Ameriketara ere joanaldi bat egin zuen.

Han bere dohain paregabeez txunditurik utzi zituen operazaleak.

Eta bidaian bildutako dirua erakunde ongiegileei eman zien.

Geroago, Londonen ere, eman zuen ezagutzera bere ahotsaren eztia, eta samurra.

Madrilera, Lisboara eta penintsulako beste leku anitzetara ere heldu zen, famaz beterik egin zituen amaigabeko ibileretan; batzutan kantuz, bestetan atseden bila.

Eta hala ezagutu zituen Bilbo, Donostia, Hondarribia, etab; baina baita Atharratze, Biarritz eta beste ere.

Famarik handienetako bolaratan ere bazekien Erronkari aldera itzultzen, eta herrimin horren emaitza du gaur bere jaioterriak harro erakuts ditzakeen frontoia eta ondoan Gaiarre izenaz dagoen pasealeku ederra, biak ere artistak bere sakeletik ordaindu zituenak.

Gaiarre Madrilen hil zen 1890.ean, gaitzak jota, berrogeitamasei urte zituela.

Badakigu bere errepertorio zabalean La Traviata eta Rigoletto bezalako Verdi-ren opera ospetsuen ondoan Iparragirreren Gernikako Arbola edo Adiyo Euskalerria famaz apaltxoagoak direnak ez zirela falta izan.

Gaur,Gaiarre izena Euskal Herrian diren zinema areto askok baino gehiagok darama.

Hona hemen, amaitzeko, Bartzelonatik 1884.eko abenduaren 19an bere izebari idatzi zion gutuntxo interesgarri bezain kuriosoa: .